2008-10-14

Alkohola, tabernak eta musika

Gaurkoan PsyBlog izeneko blogean irakurri dudan berrietako bati buruz idatziko dut.

Izenburuagatik igarri daitekeen legez, tabernei buruz eta alkoholari buruz mintzatuko gara... baina ikuspuntu zientifiko batetik :)

Bada une bat taberna guztietan (gehienetan behintzat bai) non, bi gauza gertatzen diren, alde batetik, argia jeisten dute, eta bestetik musika igotzen dute. Pentsa dezakegu hau giro intimoago bat sortzeko egiten dela, tabernan daudenek izan duten egun gogorra alde batera utzi ahal izateko, eta erlaxatu ahal izateko... baina... ingurukoekin hitz egin ahal izateko oihuka ibili beharra ez da elkarrekintza sozialak bultzatzeko modu bat.

Nicolas Guegen
eta bere lankideak Frantziako taberna batzuetan burututako ikerketa batzuen arabera,
haseran aipatu ditudan bi ekintza horiek (musika igotzeak eta argia jeisteak), besteekin komunikatzeko oztopoak direla medio, jendeak gehiago edatea dakar.

Guegen eta bere lankideak (2004) burututako ikerketa batean zera aurkitu zuten, musika gero eta ozenago egon jendeak gero eta gehiago edaten zuela. Alcoholism: Clinical and Experimental Research izeneko aldizkarian argitaratuko lan berri batean autore hauek beraiek Frantziako mendebaldeko herri batetako taberna batzuk aztertu zituzten, euren aurkikuntzak kontextu erreal batean ere ematen ziren edo ez aztertzeko. Horretarako hiru Larunbat gauetan kontsumo ohiturak aztertu zituzten hiri bereko bi taberna ezberdinetan.


Musikaren bolumena aleatorioki manipulatu zen, benetako baldintza esperimentalak sortzeko. Musika beraz, ohiko bolumenean, 72db, edo apur bat altuago, 88db, jartzen zen. Ideia bat izateko, 72db trafiko dexente duen karretera baten ondoan egotea bezala litzateke, eta 88db aldiz, belarra mozteko aparatu baten ondoan egotea bezala.

Emaitzen arabera, musika altu zegoen baldintzan, garagardoak azkarrago amaizten ziren. Bataz beste kontsumitzaileek 14,5 minutu behar zituzten 250ml-ko garagardo edalontziak amaitzeko baldintza normaletan (72db), eta musika altuago (88db) zegoen baldintzan berriz, edalontzi bera 11,5 minututan amaitzen zuten. Emaitza hauek ikustean zera pentsatu nuen "normala, jendea ezeroso dago hain musika altuarekin, eta lehenbailen garagardoa edan eta tabernatik irten egiten da"... baina ez. Musika altuko egoeran bataz beste kontsumitzaileko edalontzi bat gehiago edaten baitzen.

Ikerketa honek beraz, musika altuak gehiago edanaratzen digula diosku, baina ez digu zergaitia azaltzen. Autore batzuen ustez, jendeak gehiago edaten du hitz egin ezin duelako, beste batzuen ustez aldiz musika altuak jendea gehiago aktibatzen du, eta horrek bultzatzen du gehiago kontsumitzera. Glasgowen, Eskozian Forsyth eta Cloonan-ek (2008) burututako ikerketa baten arabera lehen hipotesia da zuzena, eurak jendeak besteekin hitz egin ezin duelako gehiago edaten duela baitiote. Hala ere, hipotesi hau datu geiagorekin frogatu behar da, eta horretarako oso ongi legoke ikerketa gehiago egitea, bakarrik dauden kontsumitzaileen, binaka dauden kontsumitzaileen eta taldean dauden kontsumitzaileen datuak konparatuz adibidez.

Ekonomia ongiegi ez dagoen garai honetan beraz, jakinaren gainean zaudete, tabernariak bazarete, igo bolumena musikari, eta ea zorte pixkatekin krisia pasatzen duzuen!!

Kontsumitzaileak bazarete aldiz, ez zaitzatela engainatu.